XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Espetxeko patioko kantoi batean zegoen paradisuko arbolatik tronpeta formako azken loreak eroriak ziren.

Orbel geruza lodia egiten zuten, zapaltzean irristakorra eta usaitzean gozoa baino gehiago, gozoegia, halako gehiegizko gozotasun hil-zorizkoaz; eta gauetan hosto jada ihartuen itzala pausaje neurtuz taupadatzen zen barroteekiko leihoan.

Gela amankomuna zegoen barrote haien atzean eta gelako horma zurituetan esku zikinen arrastoak zeuden, izenak, datak, ahapaldi biraoti lizunak, batzuk lapitzez edo, zirriborratuak eta beste batzuk ganibetaz grabatuak.

Hiltzaile beltza gauero leihoratzen zen, hesian errenkadan jarrita leihopean biltzen zirenekin batera kantatzera, eta aurpegia barroteen itzalak koadrikulatzen zion hostoen harat-honat etengabean.

Batzuetan egunez ere abesten zuen, bere gisara orduan, pasadan pausoa geldiagotzen zuen norbaitek, mutilkozkor zarpazuek edo aurrez-aurreko espaloian garaje aurrean esertzen ziren gizonek lagundu ezean behintzat.

Beste e`un bat!.

Eztek hitzat zeru`n leku`ik.

Eztek hitzat infernu`n leku`ik! Eztek hi`tzat leku`ik zurien kartzelan.

Beltza, noa jungo ote haiz? Noa jungo ote haiz, beltza?.